Zuk ere egiten al dituzu euskarazko akats hauek?

Zuk ere egiten al dituzu euskarazko akats hauek? Hizkuntza ikasten ari zarenean akatsak egitea guztiz ulergarria da, baina batzuetan gramatika akatsak egin ohi ditugu edo esamolde traketsak erabili gure ama-hizkuntzan edo ondo ezagutzen ditugun hizkuntzetan ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zuk-ere-egiten-al-dituzu-euskarazko-akats-hauek/@@download/image/pexels-poppythomashill-6555379.jpg
2024/10/21
Hizkuntza ikasten ari zarenean akatsak egitea guztiz ulergarria da, baina batzuetan gramatika akatsak egin ohi ditugu edo esamolde traketsak erabili gure ama-hizkuntzan edo ondo ezagutzen ditugun hizkuntzetan ere.
Zuk ere egiten al dituzu euskarazko akats hauek?

Euskararen kasuan, gainera, egoera diglosikoak eta hizkuntzaren normalizazio ezak ezagutzan, erabileran eta hizkuntzaren kalitatean eragiten du. Ez al duzu inoiz pentsatu zein erraz barneratzen ditugun okerrak diren moldeak? Ikasitakoa desikasten izaten dugu lana halakoetan. Bada, hemen, desikasten hasteko zenbait kontu:

  • "Gogoak ditut". Gaztelaniaren eraginez, 'gogo' hitza pluralean erabiltzeko joera dago. Euskaraz singularrean erabili behar, ordea: "gogoa dut", "zinemara joateko gogoa dut". 
  • 'Froga' eta 'proba' ez bereiztea. Zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duena da frogadelituaren frogak, frogaren argudioak... Besteak probak dira: liburuaren lehen probak, azterketa-probak, unibertsitatera sartzeko probak, idi-proba, ADN-proba...
  • 'Eskerrik'. Osorik esan, mesedez: "Eskerrik asko". 
  • "Zertan bihurtu". Honetan ere gaztelaniak du zerikusia. 'Zer' bihurtu izango litzateke: "arazo bihurtu da".
  • 'Ospatu' aditzaren erabilera. Behin baino gehiagotan idatzi dugu "bilera asteartean ospatuko da". Hobe 'bilera asteartean izango da" esatea. Ez ospatu, ospatzeko motiborik ez bada :=). 
  • Gerundioa ondorioa adierazteko erabiltzea. Gaztelaniazko egiturari jarraituz, geroago gertatuko den ekintza bat adierazteko, <partizipioa + -z edo -(e)larik> egitura erabili ohi dugu sarritan eta okerra da. Modua eta aldiberekotasuna adierazteko egokiak dira, baina ez ekintza bat bestearen ondoren gertatzen dela adierazteko. *Kolpe bat eman zion, lurrean utziZ (> Kolpe bat eman zion, eta lurrean utzi). Leihotik erori zen, hanka hautsi zueLARIK/hautsiZ (Leihotik erori zen, eta hanka hautsi / Leihotik erori, eta hanka hautsi zuen).
  • 'Bikote' esatea 'bikotekide' beharrean. 'Bikote' hitzak adierazten duen bezala bi pertsonaz ari gara, eta 'bikotekide', berriz, bikotearen barruko kide edo partaide bat da. Hortaz, "nire bikotea irakaslea da" okerra da, eta honela esan beharko litzateke: "nire bikotekidea irakaslea da".
  • "Noski baietz, noski ezetz". Hau ere ez da zuzena, "bai, noski" eta "ez, noski" esan behar da.
  • "Bero edo hotz asko". Erdal kalkoaren eraginez, "bero edo hotz asko" egiten duela esan ohi dugu, baina ez da zuzena. "Bero handia", "hotz handia" formak erabili behar dira. 
  • "Luzemetraia eta laburmetraia". Film luzea edo film laburra esan behar da.
  • H letrarekin arazoak izaten dira, jartzen ez dugulako, behar ez denean ipintzen dugulako edo behar den tokian kokatzen ez dugulako. Hitz hauekin esaterako: leihoa, lehoia, lehiaketa, ohitura, oihartzun, ohar, bihurtu, hau, hori, hura, urrun, naiz, nahiz... Hemen duzu lagungarria izan daitekeen zerrenda.

Beste asko ere badira. Zein da zuk gehien egiten edo entzuten duzuna?