'Zure aurpegia jada ez zait ezaguna egiten', prozedura estetikoak serioski hartzeko kanpaina

Itxurak eta influencerrek hainbesteko garrantzia duten garaiotan, gero eta gehiago dira prozedura estetikoak egiten dituztenak, eta askok ez dute toki egokietara jotzen horretarako.

Medikuntza Estetikoaren Espainiako Elkarteak (SEME-k) Tu cara ya no me suena (Zure aurpegia jada ez zait ezaguna egiten) izeneko kanpaina jarri du martxan. Hala azaldu dute webgunean: "Praxi txarra da masail puztuak, ezpain neurrigabeak edo bekain asimetrikoak eragiten dituena. Eta hau icebergaren punta baino ez da. Okerreko eskuek egindako medikuntza estetikoak pazienteen benetako espresioa aldatzen du, eta arriskuan jartzen du haien osasuna eta autoestimua. Medikuen prozedura estetiko onak aldarrikatzeko unea da. Serieko aurpegiei ezezkoa esan". 

Elkarteko presidentea den Juan Antonio Lopez-Pitaluak komunikabideetan azaldu duenez, pazienteak ondo informatzea nahi dute, erabakia hartu aurretik, euren hazpegiak eta aurpegiaren identitatea mantentze aldera. 

Medikuntza Estetikoaren Espainiako Elkarteak zabaldutako datuen arabera, prozedura estetikoen %65 mediku formakuntzarik gabeko pertsonek egiten dituzte, eta horrek arriskuan jartzen du pazienteen segurtasuna. Gainera, halako prozecuren %20 aproposak ez diren tokietan egiten dira, hala nola osasun bermerik gabeko ile-apaindegietan, etxe partikularretan edo estetika zentroetan.

Elkarteko kideak arduratuta daude egoera honekin, medikuntza-estetikoa teknika sinple bat den ustea zabalduta baitago jendartean, eta "aurre-ebaluazio klinikoa eta behar bezalako jarraipena eskatzen duen mediku-jarduera" dela nabarmendu dute. 

Toki eta profesional egokiak topatzeko aholkuak
Elkarteak prozedura estetikoak egiteko toki aproposetara jotzeko zenbait gomendio eman ditu. Hasteko, zentroaren baimena egiaztatzea aholkatu dute. Horretarako, Medikuen Elkarko Ofizialen Kontseilu Nagusian bilatu behar da, eta Osasun Sailak emandako U48 baimena duela ziurtatu.  

Bestetik, profesional horren titulazioa berrestea komeni da, Estatuko Osasun Profesionalen Erregistroaren bidez, medikuntza estetikorako gaitua dagoela egiaztatzeko. Era berean, gomendagarria da medikuaren identifikazioa eta produktuen zigilua eskatzea, erabiliko den materiala egokia dela bermatzeko.

Influencerren itxurari segika
Lehen prozedura estetikoak egiten zituztenen batez besteko adina 35 urtekoa izaten zen, baina orain 20 urteko gazteak, zein gazteagoak, ere gero eta gehiago joaten dira kliniketara. Datuen arabera, Espainiako Estatuan %14tik %20ra igo da prozedura estetikoak egiten dituzten 16 eta 25 urte arteko gazteen ehunekoa.
 

Juan Antonio Lopez-Pitalua medikuak adierazi denez, "zenbait gazte influencer baten argazkiarekin etortzen dira kontsultara, bere antza izan nahi dutelako". Duela hamarkada batzuk ere gertatzen zen pazienteak jende ospetsuaren argazkiekin mediku kontsultetara joatea, baina sare sozialek, filtroek eta abarrek zerikusia dute joera honetan. Profesionalen iritziz, sare sozialetan filtroak erabiltzeak gazteen autoestiman eragiten du eta nahigabea sortu. Gainera, kontuan izan behar da gazteak zaurgarriagoak direla honen aurrean, eta kosta egiten zaiela errealitatea dena eta ez dena bereiztea edo perfekziorik ez dela existitzen onartzea. Sarri askotan taldearen parte izateko eta onartua sentitzeko jotzen dute prozedura estetikoetara.