Rocco

Rocco https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
Irungoa da. Gaztea, euskalduna, eta stripperra. Astelehenetik ostegunera koadro elektrikoak konpontzen ditu, asteburutan bere burua biluzten du oihu artean begiradarekin hozka egiten dioten ehunka emakumeren aurrean. Iruñeako areto batean egiten ditu streptease saioak, ezkondu aurreko azken parranda zoroa botatzen duten neskentzat. “Eszenatoki gainean, denak ero moduan niri begira... kristoren sentsazioa da”.Lagun batek konbentzituta sartu zuen muturra mundu honetan. “Zuk honetarako balio duzu, esaten zidan, gorputz horrekin!”. Hark aurkeztu zion gaur egun bere managerra dena, koreografia batzuk lantzen hasi zen, Dj batekin musika prestatu eta... gaur arte. “Managerrak izugarri sinesten du nigan, bi urte barru gure inguru honetako onena izango naizela dio”.Erotismoaren bueltan aurreiritziak egon badaudela onartzen du, baina bere hurbilekoek behintzat arazorik gabe ulertu dutela hau guztia. “Ikaratzen dituen bakarra drogen kontua da. Badakizu, gaua... baina ni oso kirol zalea izan naiz beti eta ez dut ez alkoholik ezta tabakorik ere kontsumitzen”. Kirol zalea, erruz. Egunean bi orduz izerditzen du gimnasioan, korrika ere aritzen da, arte martzialak, dantza... igartzen da, bai. Honetan arrakasta izateko gakoa lotsak alboratzea dela ikasi du; berak ez du halakorik eta profesional bihurtzeko bidean aurrera segitzeko gogoa soberan du. Ateak zabalik ditu datorrenerako. “Pornorako ere bai, zergatik ez. Sexuak gerrek, armek eta beste ezerk baino diru gehiago mugitzen du. Eszena ez da sekula faltako, eta publikoa ere ez ”.