Beharbada ezaguna egingo zaizu Surya Bonaly izena; izotz patinatzaile frantziar honek historia egin zuen 1998eko Joko Olinpikoetan, eta ez dominak irabazteagatik. Garaian, eta oraindik ere, arraroa zen pistan patinatzaile beltzak ikustea. Bonaly ausartena zen, salto arriskatu eta ikusgarrienak egiten zituena; indartsua zen, atleta bat, baina mendetan arau zurrunekin gobernatutako patinaje munduarentzat ez zen behar bezain lirain eta femeninoa. Horregatik, Bonalyk ez zuen dominarik etxeratu; baina historia egin zuen. 1998ko Olinpiadetan, eta dena galdua zegoela jakinda, araudiak debekatutako atzeraka jauzi mortala egitera ausartu zen, hanka bakarrean lurreratuz. Aurretik inork sekula egin gabeko saltoa izan zen, ez gizon, ez emakume. Egun, oraindik arau zurrun berdinek gobernatzen dute patinajearen mundua, baina Bonalyk leiho bat ireki zuen berritasunera.
2018/07/12