‘Black Mirror’ garaia

‘Black Mirror’ garaia https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/2018black-mirror2019-garaia/@@download/image/editoriala.png
2023/07/28
ilustrazioa

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

‘Black Mirror’ garaia


Berri Txarrak Biziraun

Ziur nago Charlie Brooker gidoilariaren garun perbertsotik ateratako Black Mirror telesaila ezagutzen duzuela. Bizi dugun garai teknologikoaren isla beldurgarria da, eta sare sozialen eta pantailen garaiko parabola maltzurra. Mahai gainean dugun pantaila, eskuen artean darabilgun mugikorra edo etxeko telebista; ispilu beltz, hotz eta dirdiratsuz inguratuta gaude. Bada, telesaileko atal bakoitza autonomoa izanik ere, guztiek dute oinarrian ideia bat: teknologia berrien erabilera txarrak izan ditzakeen ondorio larri eta konponezinak. Istorio batzuk apur bat muturrera eramanda badaude ere, bizi dugun errealitate gordina ezagutzeko ezinbesteko telesaila iruditzen zait.

Abuztuko atsedenaldiaren aurretik idazten ari naizen editorial hau, ordea, ez dut telesail hau gomendatzeko baliatuko, ekoizpen hau ikusten dudan bakoitzean buruan pizten zaizkidan pentsamenduak, eta bereziki alarmak, plazaratzeko baizik. Zehazki kultura eta telefono mugikorrak uztartzean gertatzen den guztiarekin lotuak daudenak.

Lehenengo hausnarketa musika eta kontzertuekin loturikoa da. Azken hilabeteotan sareak sutan jarri ditu Bob Dylanen kontzertuetan sortu den iniziatiba berri batek: 'Phone Free Shows', alegia, mugikorrik gabeko kontzertuak. Musikariak telefonoak erabiltzea debekatu du Espainiako Estatuan egin duen biran. Yondr izeneko enpresak sortua, kontzertuaren sarreran, mikrotxip bat duen neoprenozko kutxatxo batean mugikorra sartzeko eskatzen zaie ikusleei. Kutxatila itxi, magnetikoki zigilatzen da, eta kontzertuak irauten duen bitartean ezin da ireki. Dylan ez da lehenengoa izan, esaterako, Alicia Keys-en kontzertuetan ere debekatuak baitaude telefonoak 2016az geroztik. Badirudi Childish Gambino eta The Lumineers musikariak ere ekimenera batuko direla. Hori gutxi ez eta, enpresak iragarri du beste arlo batzuetan ere erabiliko dela; hezkuntzan, epaiketetan edota enpresa bileretan esaterako.

Bigarren gogoeta, zinemarekin lotua. Ia astero joaten naiz aretoetara eta ia emanaldi guztietan ikusten ditut pertsonak mugikorra atera eta mezuak edo sare sozialak begiratzen. Filmak irauten dituen bi orduak ezin al ditugu pantaila txiki madarikatuari begiratu gabe igaro? Konponbidea erraza da oso, neronek egiten ditudan bi ekintza sinple hauek barneratu eta erabili: aretora joaten zaren bakoitzean, itzali telefonoa eta ahaztu hor dagoela. Filma zein telesaila etxean ikusi behar baduzu, mugikorra beste gela batean utzi edo behintzat zugandik oso urrun. Ez zarela gai hori egiteko? Gizarte gisa arazo larria daukagu orduan, eta onartu egiten dugu normala izango balitz bezala, baina ez da batere normala. Black Mirror garaian bizi gara eta batzuetan, askotan, gehiegitan, oso maiz (BTX dixit) beldurgarria da.