Agurraren ondorengo aurkezpenak


Huntza Aldapan gora

Aurreko hilabetean, aldizkariko lehen atal honetan, Gaizkaren agurra irakurri zenuen, eta gaurkoan, aldiz, aurkezpen lerroak tokatzen dira. Hemen idazten ari zaizuen honek, bigarren lerroko lana maite izan du beti. Orain GAZTEZULOren zuzendaritza egokitu bazait ere, proiektu honetan bidelagun ditudan lankide eta lagunak aurkeztu nahi dizkizuet; izan ere, taldeburuarekin batera jo eta ke lanean ari direnak ezinbestekoak dira. Nor da nor atalean guztion inguruko informazio laburra aurkituko baduzu ere, bakoitzaren autu-mautuak kontatzera nator!

Has gaitezen Nagorerekin, gure diseinatzailearekin, alias Pressing Koch. Perfekzionista, diseinu bati mila buelta ematen dizkiona, umore marroia atsegin duena, eta beti laguntzeko prest dagoen lankidea. Biok txistorrari diogun maitasunak bereizezin egiten gaitu!

Erredakzioan, Jaione daukagu. Euria, hotza eta tonalitate ilunak maite ditu. Sentibera eta maitagarria, oso cute. Nirekin konparatuta isila, baina balio handiko hitzak botatzen dituena. Ohar mentala: “Ikasi Jaionerengandik: hobe gutxiago hitz egitea eta esaten dena kalitatezkoa izatea”.

Jaionerekin batera, Maitane da gure kazetaria. Irakurle eta literaturazale amorratua, bertsozalea eta, dudarik gabe, lantaldeko abeslaria. Ezin duzue imajinatu zer ahots polita eta goxoa duen! Euskara zuzenaren taliban samarra da; ni s-ak eta z-ak bereizten ez dituen azpeitiarra, eta bera fonetika perfektuaz ahoskatzen dituen goierritarra. Ziur naiz urduri jartzen dudala, baina oraindik ez dit ezer leporatu!

Zuriñe da gure kudeatzailea edo diru kontuez arduratzen dena. Elkarrekin gune fisiko batean lan egin ez badugu ere, ematen du urteak daramatzagula erredakzioan elkarrekin lanean. Ez dakit nola egiten duen, baina beti ateratzen ditu sos batzuk, gure aurrekontu estu eta zinez mugatutik, proiektu berrietarako. Inoiz ez dizu erantzungo “ez” edo “ezin da”. Lehen, Zuriñe iritsi aurretik, lantaldean gehien errepikatzen nuen esaldia “eztao diruik” izaten zen!

Taldeko azken fitxaketa Enara duzue, Community Managerra. Sareko txutxu-mutxu eta pertsonaia guztiak kontrolatzen baditu ere, ez pentsatu beraren inguruan gauza asko topatuko dituzunik, diskrezioa da bere bigarren izena. Lantaldera iritsi bezain pronto, beste eginkizun garrantzitsu bat ezarri diogu: Euskal herriko 18-25 urte bitarteko gazte guzti-guztien ordezkari izendatu dugu!

Eta azkenik ni neu, Agurtzane, alias Matusa, GAZTEZULOn Matusalenek zituenak baino urte gehiago daramatzana. Leo goitik behera: burugogorra, egoskorra, borrokalaria, inoiz amore ematen ez duena, eta zenbait unetan neurotikoa. Harpidetzez eta publizitateaz arduratu ohi naiz, eta hemendik aurrera proiektu honen zuzendaria izango nauzue.

Zure baimenarekin, irakurle, azkenengo hizki hauek lankideei eskaini nahi dizkiet: zoragarriak zarete! Oso harro nago zuetaz, proiektuaz, lantaldeaz. Eskerrik asko!