Aldarrikapen efimeroak

Aldarrikapen efimeroak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/aldarrikapen-efimeroak/@@download/image/editoriala.jpg
2023/09/01
ilustrazioa

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Aldarrikapen efimeroak


Anari Efemerideak

Iraila atseden hartuta hastea komeni dela diote askok, ikasturte berriaren aldapa malkartsua energiaz beteta igotzeko. Uda nahiko mugitua izan dudanez, neuronak abiadura motelean dabiltza oraindik eta ikasturteko lehen editorial honen hausnarketa ez da bereziki sakona izango, baina, tira, banuen gogoa hau zurekin partekatzeko: Nazioarteko Egunak.
Urteko 365 egunetatik 150 inguru Nazioarteko Egunak deiturikoak dira. Eta hori Nazio Batuen zerrendako egun ofizialak aintzat hartuta soilik; horri tartean asmatzen diren egun friki eta zoroak gehitzen badizkiogu, 365 egun horiek motz geratzen dira guztiak sartzeko. Zerbaitetarako balio al dute munduko edo nazioarteko egun hauek guztiek? Ez al da zentzugabe samarra?
Urtean hainbeste egonda, jende askok ez diela jaramonik ere egiten iruditzen zait, eta egun garrantzitsuak direnak inozoagoak direnen artean galtzen direla. Horri sare sozialen itxurakeria etengabea gehitzen badiogu, hipokrisia eta hutsalkeria gailentzen direla uste dut. Instagramerako irudi aldarrikatzaile polit ugari, baina eguneroko ekintza gutxi.
Egia da, bestalde, egun hauek, munduan egunero gertatzen diren bidegabekeria askoren bozgorailu direla. Urtean egun bakar batez bada ere, arazo edo egoera bati buruz sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko edota atentzioa emateko garrantzitsuak izan daitezke. Baita historia gogoratzeko eta gertaera jakin batzuk berriro gerta ez daitezen aldarrikapen hori urtero nabarmentzeko ere, jakina. Eta zergatik ez, baita geure alderdirik frikiena nabarmentzeko ere –Friki Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, Star Wars eguna, Simpsondarrena, kroketarena…–.
Nazioarteko Egunak egotea ondo dago –ala ez, ez daukat argi oraindik–, baina uste dut, kasu askotan, jendea gai jakin horretaz urteko egun zehatz horretan soilik oroitzen dela. Garrantzitsuena egunerokoan txikitik eragitea da, eta sareetan hainbeste gauza aldarrikatu ordez, uste dut aberasgarriagoa eta probetxugarriagoa dela interesatzen zaizkizun gaietan arreta jartzea eta gehiago sakontzea, egunero zerbaiti buruzko azaleko iruzkin trakets eta efimero bat egitea baino. Borrokatu sinesten duzun horren alde, baina zer egun den pentsatu gabe.