Armairutik plazara


Hollysiz ‘The light’

Iragan maiatzaren 17an Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu zen. Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an despatologizatu zuen homosexualitatea, eta, 2005etik, egun horretan salatzen dira LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeriak. Euskal Herrian ugariak izan dira agerraldi eta mobilizazioak, LGTBI+ komunitateko kideek oraindik ere mota askotako eraso eta indarkeriak pairatzen dituztela salatzeko. “Ez da norbanako batzuek beste batzuei egiten dieten ekintza biolentoen multzoa bakarrik. Auzi politiko bat da. Indarkeria estrukturala da. Egunero eta leku guztietan gertatzen da. Gure etxe barruetan ere bizi da. Gure bizimodua erregulatzen du. Eta nola hilko garen jakiteko, garrantzitsua da nola bizi garen begiratzea”. Oihana Arana bertsolari eta idazleak Berriako zutabean idatzitako horrekin guztiz bat nator. Espainiako LGTBI+ federazioak plazaratutako datuak ikaragarriak dira: hamarretik lauk erasoren bat pairatu du azken urteotan, eta %83k diskriminazio motaren bat jasan du. Euskal Herriko erakunde eta elkarte ugarik aurkeztu dituzten txostenak eta ikerketak ere asaldagarriak dira: Araban, gutxienez, 28 eraso zenbatu zituzten 2023an; Donostian, 15, eta Iruñean, berriz, 34. Irainak, eraso fisikoak, diskriminazioak, gorroto diskurtsoak eta bestelakoak jaso dituztela adierazi dute ikerketetan, eta guzti-guztietan bat datoz: ezagutarazten diren erasoak baino askoz gehiago dira ezkutuan gelditzen direnak.
Uste dut pertsona ororen sexu-aniztasunari arreta eskainiko dion hezkuntza behar-beharrezkoa dela sexualitatea askatasunean bizitzea erabakitzen duten pertsonen aurkako jazarpen, eraso eta indarkeria-adierazpen guztiekin amaitzeko. Hiruki Larroxa kooperatibak abian jarri duen Armairutik plazara proiektua, esaterako, ederra eta beharrezkoa iruditu zait. Armairuan itzalpean egon diren edo dauden errealitate sexualak plazara ateratzeko egitasmoa da eta bi baliabide ditu: batetik, dokumental formatuko ikus-entzunezkoa da, Hernaniko LGBTI+ herritar batzuen errealitateak biltzen dituena; eta, bestetik, proposamen didaktikoa da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleekin sexu-aniztasunaren eta tokiko LGBTI+ kontzeptuaren historia eta kultura lantzea proposatzen duena. Hernanitik eta Hernanin sortua da proiektua, baina baliagarria izan daiteke beste edozein herritan eta eskolatan ere.