Bostak

Bostak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/bostak/@@download/image/editoriala.jpg
2024/05/14

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Bostak


Rüdiger ‘The Dancing King’

Egun existitzen diren telesailen artean bost aukeratu eta denbora-kapsula batean gorde. Hemendik 50 urtetara kapsula hori irekitzeko aukera izango duzu, baina kontuan izan munduan soilik bost telesail horiek existituko direla; zeintzuk aukeratuko zenituzke? Euskadi Irratiko Baipasa saioan jaio zen proposamena, eta joko hori egin genuen Donostian ospatu zen Crossover telesailen jaialdiaren baitan.
Kalitatearen irizpidea soilik kontuan izan beharko banu, aukeratuak oso argi izango nituzke, baina arnasa hartu, ongi pentsatu eta hautagaitzetan aldaketa txiki batzuk egitea erabaki dut. Niretzat oso garrantzitsuak diren zenbait irizpide aintzat hartu behar direla iruditzen zait. Hasteko, munduan bost telesail soilik geratzen badira, nahitaez euskarazko zerbait egon behar du. 89 urte inguru izango ditudala kontuan izanik, nostalgia dosia beharko dut, haurtzaroa gogorarazten didan zerbait. Hori horrela, Dragoi Bola aukeratuko nuke lehenik. Euskaraz bikoiztua egoteaz gain, hautaketaren arrazoiak agerikoak dira, 80-90eko hamarkadan jaio ginen euskaldun askok Son Goku, Bulma eta konpainiarekin pantailari itsatsiak igaro baikenuen haurtzaroa. Zerbait luzea izatea ere garrantzitsua izango da jakina, ez ditut bost serie labur aukeratuko, segituan xahutuko genituzke eta. Breaking Bad unibertsoa –Better Call Saul ere sartu behar dudalako– eta nire bizitzako telesail kutuna den Lost ere zakura. Zoragarriak –eta luzeak– izateaz gain, sekula aspertu gabe, behin eta berriz ikusiko nituzkeelako. Ene, umorezko zerbait nola ez dut bada aukeratu? Ikus-entzunezkoak ia desagertu diren errealitate beldurgarri horretan ezinbestekoa izango da umorearen heldulekua izatea. Aukeraketa oso argi daukat: The Office. Ezin dut irudikatu Michael Scott, Dwight, Pam edota Jim existitzen ez diren errealitate bat. Arraioa! Karaktereak amaitzen ari zaizkit, oraindik izenburu bat aipatzea falta zait eta buruan hogeitik gora hautagai dauzkat. Hunkitzen nauen zerbait izango da, soinu banda hipnotikoa duena eta ikusleria orokorraren artean oso gutxietsia dagoena. Kapsulan sartuko dudan azkena, The Leftovers. Aukeraketa egina, beraz: Dragoi Bola, The Office, Lost, Breaking Bad & Better Call Saul eta The Leftovers.
Zuk zeintzuk aukeratuko zenituzke?