Django

Django https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2024/02/02

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Django


Peiremans ‘Joan Zinen’

Bihotza birrinduta, deseginda, mila zatitan apurtuta. Zenbat negar. Zenbat min. Zer bidegabea den txakurrak hain denbora gutxi bizitzea. Joan egin zara Django, baina gugan utzi duzun aztarnak betiko dirau. Orain dela hamaika urte, izaki nazkagarri batek abandonatu egin zintuen, eta ekintza miserable horrek gure bizitzen bideak gurutzatzea eragin zuen. Igeldoko infernu hartatik atera, espetxe hura atzean utzi eta gure bizitzan sartu zinen lehen segundotik zein berezia izan zaren beti Django. DJANGO; Tamarak izen hori proposatu zuenean, oso argi izan genuen horrek izan behar zuela zurea. Tarantinoren Django Unchained filmeko pertsonaia bezalakoa: katerik gabea, askea eta librea. Zu izan zaren bezalakoa. Geroztik eman diguzun guztia ezin dugu hitzen bidez adierazi, ezinezkoa da. Une honetan sentitzen dugun emozioen zurrunbilo hau adierazezina da, eta zuri eskerrak emateko hitz egokiak ez dira oraindik asmatu. Animalia bat adoptatzen dugunean, haren bizitza aldatzen dugula diote askok. Gezurra. Bizitza zuk aldatu diguzu guri, Django. Zu maitatzea eta zurekin batera egunerokoa partekatzea, bizitzan egin dugun gauzarik zoragarriena eta aberasgarriena izan da.
Santa Barbara, Adarra, Ernio edota Miramongo basoko zure korrikaldiak. Zer esanik ez, hondartza eta itsasoko uneak. Nola zoratzen zinen bertan. Zenbat maite zenuen uretan murgildu eta piloten atzetik igeri egitea. Hondarrean jolastea, zuloak egitea. Oraindik gogoan dugu zure lehen murgilaldia Uribarri-Ganboako urtegian. Donostiara joaten ginen aldiro, portuan ematen zenituen murgilaldiak. Zenbat ordu, zenbat une, Ereñozuko erreka bazterrean makila bota eta uretara egiten zenituen sartu-irten amaigabeei begira. Zenbat gogoratzen dugun elkarrekin autoz Ingalaterrara egin genuen bidaia luze eta ahaztezin hura. Gironako oporraldia, Ordesakoa, elkarrekin ezagutu ditugun kanpin, hotel eta ostatu guztiak, asteburuko irteerak… egunero-egunero Hernaniko kaleetan partekatu ditugun paseo luzeak. Orain dela hiru urte Gexan jaio zen une hura ere nola ahaztu. Zer polita eta aberasgarria den txakurrak eta umeak elkarrekin haztea eta heztea. Zenbat ikasi duen Gexanek ere zugandik. Karaktere kopuru infinitua beharko genuke urte hauetan guztietan eman diguzun guztia adierazteko.
Zintzoa, lasaia, leiala, azkarra, maitekorra eta eredugarria izan zara, askea. Asko-asko maite zaitugu, Django. Eskerrik asko eman eta erakutsi diguzun guztiagatik. Munduko txakurrik eta lagunik onena izan zara. Ez zaitugu sekula ahaztuko.