Gero arte (?)
Gorka Urbizu Etxe bat
Nerabezarotik ezagutzen nuen arren –gora Gaztetxulo!–, 2015ean izan nuen nire lehen hartu-eman zuzena GAZTEZULO-rekin: telesailen inguruko tarte bat –nola ez– idaztea proposatu zidan garai hartako zuzendaria zen Aitor Abaroak. Lau urte geroago, 2017ko urrian, Zuriñe Maguregiren deia jaso eta lantaldeko kide izatera pasa nintzen. Geroztik, aspertu arte errepikatu dut proiektu honek bizitza profesionala –eta neurri batean pertsonala– aldatu didala, hala da.
Zazpi urteren ostean, despedida usaina duten lerro hauek idazten ari naiz; usaina besterik ez da, datozen hilabeteotan beharrezkoa dudan etenaldia egingo baitut. Exijitzea zilegi den gutxieneko hori elikatzen jarraitu ahal izateko –Urbizu dixit– atseden txiki bat behar dut. Parentesi horren ondoren, nork daki zer gertatuko den, baina honakoa, oraingoz, “gero arte” baino ez da izango.
2018ko amaieran zuzendari gisa idatzi nuen nire lehen editorialean zera aipatu nuen: “...proiektu honek merezi duen bide onenetik eramaten saiatuko naiz, aurretik dudan erronka hau gogoz eta ilusioz bizitzeko prest sentitzen bainaiz.” Akatsekin eta asmatzeekin, baina nire indar, gogo eta pasio handienarekin merezi duen bide onenetik eramaten saiatu naiz; proiektu hau, txikia izanagatik ere, erraldoia delako. Zailtasunak zailtasun, egunerokoan egiten den lana itzela da, miragarria. Ezin duzue irudikatu ere egin.
Ez dut testu negar-eragile aspergarri bat idazteko inongo asmorik; ez diot tonu epikorik txertatuko, harropuzkeriak eta egozentrismoak albo batera utziko ditut, agian, akaso, hilabete batzuen ostean berriro ere nire harrikadak eta kontu frikiak jasan beharko dituzuelako. Ni tartetxo batez banoa, baina GAZTEZULO-k inoiz baino indar handiagoz darrai aurrera –adi, datozen hilabeteotan berrikuntzak eta proiektu berri zoragarriak datozelako. Spoilerra: Gosex–.
Ez dira garai errazak euskarri fisikoak eta paperezko edukiak maite ditugunontzat, baina asko estimatzen dugu, irakurle eta harpidedun maite hori, hilabetez hilabete hor egon –eta espero dut egongo– zarelako.
Pertsona bati gerta dakiokeen gauzarik handiena da halako lantaldea izatea eta, horregatik, ESKERRIK ASKO erraldoiena zuentzako da: Maitane, Agurtzane, Nagore, Jaione eta Zuriñe –eta aurretik pasa diren batzuk–. Zuek gabe, hau guztia ez zatekeen posible izango. Eskerrik asko horrelako lankide, pertsona eta, batez ere, lagun zoragarriak izateagatik.
Gero arte (?).