Goazen lagunok, amets betean


Dragoi Bola (EUSKARAZ)

Miel Apaolaza, Xeberri, Mariasun Iturragoitia, Ana Lupe Fernandez, Joseba Etxebarria, Xebe Atenia, Patxi Ugalde, Kepa Cuero, Felix Arkarazo… izen horiek guztiak irakurrita beharbada, batzuk, ez zaizkizu oso ezagunak egingo. Baina Son Goku, Bulma, Yamcha, Krilin edota Satan Txiki aipatzen baditut? Dragoi Bola-ren euskarazko bertsioan, hainbat pertsonaia gogoangarriren atzean dauden ahotsak dira; Edertrack estudioak bikoiztu zuen euskarara eta gidoien itzultzaile eta egokitzaile nagusia Xabier Amuriza izan zen. Maila altuko itzulpena landu zuen eta gazteen artean euskararen hedapenean asko lagundu zuen, pertsonaiek erabiltzen duten hitanoa eredugarri bihurtu zen esaterako.
34 urte igaro dira 1990ean ETB1en lehen aldiz eman zutenetik, eta marrazki bizidun soil batzuk baino askoz gehiago izan zen hasieratik. Urtzi Urkizu Berriako kazetariaren Txoria hodei artean liburuan Kike Amonarrizek aipatutakoa datorkit burura: “Dragoi Bolak markatzen du Euskal Herrian euskarazko erreferentzia komun indartsuen gainbehera. Momentu batean, euskal komunitateak bazituen erreferentzia komun indartsuak: adibidez, Goenkale. Dragoi Bola belaunaldi baten erreferentzia linguistiko indartsua izan zen”.
Zorionekoa ni, iragan ekainaren 20an Dragoi Bola pantaila handian eta euskaraz ikusteko aukera izan nuelako. Selecta Vision banatzaileak pantaila handira eraman ditu Dragoi Bola Z Kai telesailaren lehen atalak; Raditzen sagari dagokionak dira. Japonieraz “kai” hitzak “eguneratua edo aldatua” esan nahi du, hau da, Dragoi Bola Z-ren bertsio berritu bat da; koloreztatu, ahotsak eta soinu-efektuak grabatu, eta betegarririk gabeko muntaketa berri bat prestatu dute besteak beste. 98 atal guztira.
Bertsio birmasterizatu hau 2009. urtean eman zuten lehen aldiz Japoniako telebistan, jatorrizko telesailaren 20. urteurrena ospatzeko. Asteburuan ikusi nuen eta gozamena ikaragarria izan da; lehen mailako soinu eta irudien eztanda horren artean euskara entzuteak, gainera, asko hunkitu nau, berezia izan da. Nik neuk, ordea, Dragoi Bola-ren lehen atalekin egingo nuke hau. Goku, Krillin eta konpainia umeak zireneko garai hori birmasterizatu eta zinemara eramango nuke. Erreferentziazko ikus-entzunezko jakin batek gazteen hizkuntza ohitura eta jarreretan eragina izan ote dezakeen ala ez zalantzan jartzen duenari marrazki bizidun ahaztezin honen adibidea aipatzen diot beti.