Gu eta gure munduak
Axeri, Fane, Eli, FEZE (ft.Gozategi) Alboka
GAZTEZULOk 23 urte beteko ditu aurten eta agerikoa da ezinezkoa dela denbora honetan guztian argitaratutako eduki interesgarri eta protagonista guztiak aipatzea. Hedabidea garen neurrian, edozein txosten baino eraginkorragoa da gure ekarpena bera ebaluatzea. Argi dugu etxetik hasi behar dugula gauzak aldatzen eta, zentzu horretan, koherenteak izaten saiatzen gara. Gure orrialdeetan eta, ondorioz, baita gainerako euskarri digitaletan ere, gizonezkoei eta emakumezkoei eskaintzen diegun espazioa eta protagonismo maila orekatua izatea da gure jardun-moldea arautzen duen barne mandamentuetako bat.
Martxoko editorial berezi hau, ordea, 23 urte hauetan zehar gure proiektu kutun hau aurrera eramatea posible egin duten izen propio batzuk nabarmentzeko aprobetxatu nahiko nuke, beraiek izan baitira eduki horiek guztiak sortu dituztenak: Inge Mendioroz, Igone Mariezkurrena, Zuriñe Maguregi, Ainhoa Irazu, Aitziber Iartza, Maialen Goñi, Leire Palacios, Saioa Baleztena, Ane Irazu, Ainara Vazquez, Maria Albillos, Eli Belaustegi, Aitziber Errazkin, Garazi Azkue, Eneritz Ansa… Eskerrik asko, zuen hondar-aleak proiektu honen zimendu eta zutabeak eraikitzeko ezinbestekoak izan baitira. 2.000 urtean izan zuen hasiera abentura honek eta zuei guztiei esker, inoiz baina zailtasun handiagoz bada ere, 2023ko martxoan, lehen egunean bezain tinko, gogotsu eta ilusioz gainezka jarraitzen dugu. Askok ia ahaztua izango duzue G hizkiz hasten den proiektu berezi hau, baina ziur nago zuen bihotz zein garunean, txokorik txikienean bada ere, arrasto ezabaezina utzi duela.
GAZTEZULOko emakumeei eskainitako lerro xume hauek, ordea, une honetan lanean ari zaretenontzat dira: Eider Saez, Maider García de Vicuña, Olatz Urkia, Iruñe Astitz, Iraide Ibarrondo, Ziortza Guezuraga, Maite Uriarte, Ihintza Orbegozo eta, jakina, Irantzu Pastor. Zer izango litzateke aldizkaria gure kolaboratzaile eta, batez ere, gure argazkilari txit-gorenik gabe? Baina bereziki, oztopoak oztopo, egunero-egunero alboan lanean ari zareten horientzat dira hitz hauek: Sara Etxebeste, Maitane Legarreta, Jaione Dagdrommer, Nagore Koch eta Agurtzane Gomez. Zuek gabe ez legoke proiekturik, zuek egiten duzue posible hau guztia. Zuek gabe ez legoke GAZTEZULOrik. Erraza da zenbakiez hitz egitea, zailagoa da, ordea, zenbaki horien atzean zaudeten emakume guztiei eskerrak emateko hitz egokiak aurkitzea. Horrelakoetan esaldi arranditsuek baino gehiago balio dute hitz sinple baina zintzoek, beraz…
Eskerrik asko bihotz-bihotzez!