Izena duen guztia, bada


Lourdes Iriondo ‘Gaua’

Iazko Berlinale Zinema Jaialdian estreinatu zenetik, aurtengo Goya sarietara iritsi bitarte, 20.000 especies de abejas filmak lortu duen guztia itzela izan da. Ez naiz soilik jaso dituen sariez edo kritika positiboez ari, baita ikus-entzunezko baten bidez haur transexualen errealitatea eta gaia nola gizarteratu daitekeen erakutsi duelako ere. Lantalde osoaren meritua agerikoa da, baina Estibaliz Urresolaren lana goraipatu nahiko nuke, filma grabatu aurretik gidoia idazteko osatu duen dokumentazio lana sekulakoa izan baita. Hau hobeto ulertzeko, Donostiako Tabakalerak antolatu zuen Kontatutako zinea: Estibaliz Urresola saioaren baitan dagoen bideoa ikustea gomendatzen dizuet.
Urresolak martxoko editorialerako gaiaren bidea ireki dit; izan ere, euskal emakume zinegileen izenak errepasatzen hasi naizen unean ohartu naiz zer nolako kantitatea eta batez ere kalitatea dugun geure artean. Ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan emakume asko eta asko ari dira lanean egunero, baina haien sorkuntzek ez dute beti ikusgarritasunik lortzen. EWA, European Women's Audiovisual Network, elkartearen ikerketa bat da horren lekuko: zinema eskoletan ikasleen erdiak emakumeak badira ere, ekoizten diren bost filmetatik batean izaten dira emakumezkoak zuzendari. Horiek horrela, elkartzea eta emakumeen lana sustatzea erabaki zuen sektoreko profesional talde batek, eta 2016an (H)emen Her(e) elkartea sortu zuten, ikus-entzunezkoetan lan egiten duten emakume horiei ikusgarritasuna emateko helburuz. Bi sektore horietan emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzeko, lan-harremanak eta aukerak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko lanean dihardute.
"Izena duen guztia, bada" dio Irati filmaren leloak; 20.000 especies de abejas filman "izenik ez duena ez da existitzen" aipatzen dio izebak Luciari. Azken lerroetara iristen ari naiz, izenak errepasatzen aritu naizela idatzi dut lehen, eta oraindik ez dizkizuet aipatu ere egin: Esti Urresola, Lara Izagirre, Iratxe Fresneda, Laida Lertxundi, Olatz Beobide, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Arantza Santesteban, Izaskun Arandia, Mikele Landa, Maider Oleaga, Marina Palacio, Itziar Leemans, Maddi Barber, Marina Lameiro, Mireia Gabilondo, Ainhoa Gutiérrez del Pozo, Alauda Ruiz de Azua, Irati Gorostidi, Lur Olaizola, Bertha Gaztelumendi, Rosa Zufia, Mirentxu Loyarte, Agurtzane Intxaurraga, Maider Fernandez, Maria Elorza, Leire Apellaniz eta abar. Editorial xume hau zuei eskainia. Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik.