Letra txarra daukat, eta zer?


Merina Gris Eskutitza

Jon Zabalegui letter artistaren lanarekin hipnotizatua geratu naiz, zelako inbidia! Azalpena erraza dela uste dut: ikastolan, umetan, kaligrafiako koaderno laranja amaigabe horietan behin eta berriz idazten aritu behar izaten nuen horietakoa nintzen. Letra txarra nuen (dut), eta esaldiak etengabe errepikatu behar izaten nituen letra hobetu arte. Dena den, Alaine Agirreren liburuak dioen moduan, Letra txarra daukat, eta zer? da aldarrikatu nahi dudana.
Idazkeraren ozeano zabalean bereziki miresmena eragiten didana grafologia da. Pertsona baten eskuzko idazkeraren azterketan datza, pertsona horren nortasun-ezaugarriak zehazteko baliagarria izan daitekeena. Etengabe irensten ditudan true crime guztien erruz, grafologia forentsea da deigarriena egiten zaidana. Krimen batean agertu den eskutitza edota hiltzaile batek eskuz idatzitako orriak aztertzen dira besteak beste. Hizkien forma, tamaina, hutsunea edota idaztean egin den presioa erabakigarriak izan daitezke, susmagarriaren nortasuna edo gogo-aldartea aztertzeko adibidez.
Tira, edozein aitzakia bilatzen dut beti true crime generoaz hitz egiteko, beraz, hizkien mundura itzuliko naiz. Noiz izan zen eskuz idatzi zenuen azken aldia? Idazten al dugu eskuz? Galtzeko zorian al dago? Idazmakina eta ordenagailuek kaligrafia gure eguneroko bizitzatik desagertzea eragin dute. Udako oporraldia Sizilian pasa genuen, eta aspaldiko partez gurasoei *postala bidaltzea otu zitzaigun. “Zer vintage” esan genuen, jarraian barre-algarak. Erdi txantxetan egin genuen zerbait izan zen, baina eskutitza postontzian sartu genuen une horretan txikitako oroitzapen zaparrada etorri zitzaidan burura. Zeinen polita eta berezia zen txikitan deskrubitzen genituen mundu osoko txoko horien postalak aukeratu –zein baino zein itsusiagoa portzierto–, idatzi eta familiakoei bidaltzea. Askotan, postala bera baino lehenago iristen ginen gu Euskal Herrira, baina tira... Letra trakets samarra izanagatik ere, tristura eragiten dit eskuz idaztearen kontua itzaltzen ari dela pentsatzeak, eta, oro har, gure bizitzan hain garrantzitsuak (izan) diren gauza fisikoak galtzear daudela irudikatzeak: eskuz idaztea, CD zein DVDen bildumak egitea, herriko kioskoetako aldizkariak erostea eta abar. Dena den, eskerrak editoriala ordenagailu bidez idazten dudan, ez baitakit grafologo batek zer ondorio aterako lituzkeen nirekin eta…
*P.D. : Postalen kontua ez da aldatu. Gu Euskal Herrira itzuli eta bi aste geroago jaso baitzuten gurasoek idatzia.