On egin!

On egin! https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/on-egin/@@download/image/editoriala.jpg
2024/04/09

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

On egin!


Sufjan Stevens ‘Chicago’

Sukaldeetan ohikoa izaten den nahaspilaren erdian, Sydney Adamu sukaldaria, jatetxearen jabekidea den Sugarrek oraindik ez duela bazkaldu ohartzen da. Sukaldariak jateko zerbait presta diezaiokeen galdetzen dio. Sugarren erantzuna: “Tortilla bat?”. Hurrengo sekuentzian Sydney platera prestatzen ikusiko dugu: arrautzak, gurina, Boursin gazta, tipulina eta patata frijitu poltsa bat. Plano, muntaia eta soinuen arteko dantza perfektua tarteko, ahotik lerdea zintzilik nuela amaitu dut pantailari begira. Tortilla frantsesa, presta daitekeen elaboraziorik sinpleena izango da ziurrenik, baina Sydney-k goi-mailako plater bihurtzen du. The Bear telesail bikainaren eszena bat da hori eta nortasun ikaragarria duen eszeneratzea erabiliz, auzoko sukaldaritzaren aldeko apologia bikaina egiten du. Carmy da telesailaren protagonista, baina nire pertsonaia kutuna Sydney da zalantzarik gabe.
Ez dakit zer duen gastronomiak, baina pantailan jendea kozinatzen –eta jaten– ikusteak erlaxatu egiten nau. Hipnotizatua geratzen naiz platerak nola konposatzen dituzten ikusiz, eta sukaldaritzarekin lotura duten ia saio guztiak ikusten ditut. Gai horri lotua, The Bear guztien gainetik gomendatuko nukeen arren, badira aipatu nahi dizkizudan zenbait izenburu ere. Gure apirileko protagonista Joanna Artieda dela aprobetxatuz, zer hoberik emakume sukaldariei buruzko zenbait lan gomendatzea baino, ezta? She Chef proposamenarekin hasiko naiz. Bolo-bolo dabil azken urteotan sukaldaritza, baina laudorioak, sariak eta aipamenak ikusten diren bakoitzean, oraindik ere gizonezkoen presentzia da gailentzen dena. Munduko Sukaldaritza Kopako irabazlea den Agnes Karrasch da She Chef-en protagonista, jatetxe ezagunenetako batzuetan lanean ikusiko duguna. Julia telesailarekin ere gozatua hartu nuen. Ez da bizitza aldatuko dizun proposamena, baina zin dagizut une oro irribarre batekin ikusiko duzula. Julia Child-en bizitzan oinarritutako telesaila da, eta zehazki berak sortu zuen The French Chef sukaldaritza saioan, aitzindaria izan zena. The Heat: A Kitchen (R)evolution dokumentalak, aldiz, sukaldeetako gizon eta emakumeen arteko desberdintasun-egoera erakusten du. Sukaldaritzan lan egin nahi duten emakumeek izan ohi dituzten oztopoak aztertzen eta salatzen ditu. Sarritan bazterrean uzten den beganismoari ere tartea eskaini nahiko nioke; azken gomendioa ez da emakume sukaldarien ingurukoa, baina badu zerikusia gastronomiarekin, eta Saila eta Mai ahizpak protagonista dituen Just Animals dokumentala aipatzea merezi du. Finlandiako hiru ekintzaileren ikuspegitik aztertzen du animalien eskubideen aldeko borroka, eta janariarekiko dugun kontsumo ohiturekin lotzen du. On egin!