Zaharrak berri: eutsi goiari
Iazko konfinamenduaren erdian ginela “pandemia honetatik pertsona hobeak izaten irtengo gara, gizarte gisa asko ikasiko dugu, ziur zerbaitetako balioko duela eta gauza positibo ugari aterako ditugula…” era horretako esaldiak garunean iltzaturik geratu zitzaizkidan, horietako batzuk neronek ere jaurti nituelako. “Pandemia hau naturak hartu duen justizia poetikoa izan ote da? Lezio hau ikasiko dugu eta hau guztia amaitzean natura eta animaliak gehiago errespetatu eta maitatuko ditugu? Kutsadura maila ikaragarria murriztuko ote dugu, bizitza jasangarri baten aldeko apustua egingo dugu eta arduratsuak izango ote gara ingurumenarekin? Pertsona bezala berekoiak izateari utzi diogu? Herriko denda txikien aldeko apustu irmoa egingo dugu eta Internet bidezko erosketa masiboak alde batera utziko ditugu? Errefuxiatuen egoera aldatzen saiatuko gara?”
Ni bai inozoa. Hilabeteak igaro ahala, itxialdiaren aurreko espezie suntsikor eta berekoi bera garela frogatzen ari gara. Apur bat berreskuratu genituen paisaia berdeak, ur gardenak edota kale garbiak, maskaraz gainezka daude, kutsadurak ez du etenik eta klima aldaketaren eraginak aurrera jarraitzen du. Animaliek ere gure erruz sufritzen jarraitzen dute eta abandonaturiko txakur zein katuen datuak, gorantz berriro noski. Geure herriko dendari txikien pertsianak jaisten ari diren bitartean, behar dugun –eta behar ez dugun– edozer klik baten bidez erosten jarraitzen dugu. Kapitalismoaren gurpilak inoiz baino erregai handiagoa eta bortitzagoa duela nabaria da. Pandemiaren aitzakiaz geratzen zitzaizkigun askatasun printza urri horiek ere murrizten joan dira, inoiz baino kontrolatuagoak baikaude, zapalduagoak. Indarkeria polizialak ere hor darrai. Banketxe edota botere faktikoen txotxongilo diren zenbait komunikabideen jarrera salagarriak ez du etenik. Mediterraneo itsasotik datozkigun irudi latz horiekiko eta oro har errefuxiatuen egoerarekiko geroz eta immunitate maila handiagoa erakusten dugu. Matxismoak zoko ugari inbaditzen jarraitzen du eta emakume askok zapalduak, umiliatuak, erasotuak, bortxatuak eta erailak izaten jarraitzen dute. Arrazakeriaren kiratsa ere urrunetik usaintzen da eta kalera irteten garen bakoitzean ondokoa gutxi axola zaigunaren jarrera daramagu etengabe soinean. Mundua geroz eta polarizatuagoa egotearekin batera, eskuin muturra geroz eta presenteago dagoen gaitza da…
Barkatuko didazu. Ez zen nire intentzioa hain ezkor amaitzea baina leihotik begira jarri eta begi bistan dudana deskribatzean bata bestearen jarraian loratu zaizkidan pentsamenduak besterik ez dira izan. Tira, errealitate zaplazteko bat jaso dudan arren, umorea alboan mantentzen saiatzen naiz beti. “2020a txarra izan dela uste duzue? 2020a 2021ari kubata eusten ari zaio“ aipatzen du Jon Plazaolak Barre Librea saioko azken bakarrizketan. Hori bera. Zaharrak berri. Eutsi goiari.