Eulalia Abaitua: argazkiak
Nolakoa zen XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako Euskal Herria? Nola janzten ziren garaiko biztanleak, nolakoak ziren kaleak, paisaiak? Orduko gizartearen pista nabarmen bat badugu, Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853ko urtarrilaren 25a - Bilbo, 1943ko irailaren 16a) argazkilariari esker da. Bera izan zen Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria. Guztira berak egindako milatik gora argazki gordetzen dira, eta horietako asko Euskal Herriko jende, tradizio eta jaiei buruzkoak dira. Argazki gehienak plaka estereoskopikoetan eginak dira, eta zuri-beltzean.