'GAME OF THRONES': NON GELDITU GINEN?
Azkenik! Kostatu zaion arren, dagoeneko astebete eskas gelditzen da Game Of Thrones telesail famatuaren denboraldi berria estreinatzeko. Zortzigarrena eta azkena izango da; guztira, ikusleak sekulako tentsioan mantenduko dituzten 410 minutu, amaiezina zirudien trama borobiltzeko. Bederatzi urte itxaron behar izan ditugu Burnizko Tronuan behingoz nor eseriko den jakiteko. Tartean, hamaika enredo, makinazio, traizio, hilketa eta gerra gertatu dira, ibiltari zuriak patxada osoarekin gerturatuz joan diren bitartean. Negua iritsi da behingoz, baina... gogoan al duzu non gelditu zen pertsonaia bakoitza azken denboraldian?
[SPOILER: Zazpigarren denboraldia edo aurrekoak ikusi ez badituzu, hemen utzi irakurketa]
1. Arya Stark:
Aurreko denboraldietan, neska txiki galdua izatetik hiltzaile aparta bihurtzerako bidea egiten ikusi dugu Stark ausartena. Bidean etsai asko hil ditu, baina bere zerrenda famatuko asko oraindik bizirik daude; lortuko ote du Lanniesterren bat hiltzea? Cerseirekin akabatzeko aukera izango ote du? Eta batez ere, nolakoa izango da Arya eta Txakurraren arteko bilera? Gogora dezagun bikote bitxi honek ez zuela oso ondo amaitu; hain zuzen, Aryak hilzorian abandonatu zuen bere etsai-laguna...
2. Cersei Lannister:
Cersei da telesail honetako gaizkile handia, eta azken denboraldian ere argi utzi zuen ez duela bere helburua bistatik galduko sekula: egunen batean denen erregina izatea. Berak du argien Burnizko Tronua bereganatzeko helburua, eta hala adierazi zion Jamie bere anaia bikia eta maitaleari; Cerseik ez du ibiltari zurien aurkako gerra handian borrokatzeko asmorik. Nahiago ditu denak abandonatu, ondoren ahuldutako irabazlea zapaldu eta garaile definitiboa izateko. Gainera, Euron Greyjoy eta bere tropen babesa du, eta ahaztu bazenuten, gogoratu haurdun dagoela berriro. Lannisterren saga ez da amaitu!
3. Jon eta Daenerys:
Otsoaren eta Dragoiaren arteko maitasun eta botere aliantzak gauza onak ekar ditzakeen sentsazioarekin utzi gintuen azken denboraldiak. Ibiltari zurien aurka egiteko asmo irmoa dute, eta baita herrialdeak batzekoa ere; gainera, bi pertsonaia hauen arteko batasunak beste hainbat pertsonia elkartuko diren itxaropena ekarri digu; Jonek bere anai-arrebak ikusiko ditu azkenik, eta adi, Branek sekretu garrantzitsu bat kontatu behar dio eta; bere maitale berria bere izeba ere badela. Nola hartuko ote dute?
4. Tyrion Lannister:
Pertsonaia bikain honek ez zituen horrenbesteko une ederrak izan azken denboraldian, eta trama akzioruntz mugitu den heinean zertxobait ezkutatu zaigu; baina ez ahaztu Lannister azkarrak sekretu bat gordetzen duela, bere arreba Cerseirekin lotura izan dezakeena. Hain zuzen, azken denboraldian Cerseirekin bildu zenean, pertsonaiaren azkena izango zela pentsatu zuten askok; baina arreba gaiztoak ez zuen anaia hil. Zergatia? Denboraldi honetan jakin beharko dugu...
5. Ibiltari zuriak:
Kostatu zaie, baina azkenean lortu dute Harresiaz bestaldera iristea, horretarako Daenerysen dragoi bat hil eta zonbifikatu behar izan badute ere. Heriotzaren armada iritsi da, eta harekin batera gerra handia. Ez dirudi etsai hau gelditzeko aukera asko dutenik telesail honetako protagonistek; HBOk berak zabaldu dituen kartelek eta trailerrek ere, ez dute itxaropenerako aukera askorik iradokitzen. Telesaileko lelo batek dioen moduan, istorio honek amaiera polit bat izango zuela uste bazenuen, ez zara adi egon!