Aldaketa klimatikoaren aurka laguntzeko, egin zaitez begetarianoa
Aldaketa klimatikoaren lehen zantzuak sumatzen hasiak gara, eta birziklatzea edota argia itzaltzea dagoeneko ez dira nahikoak gutako bakoitzak atmosferara igortzen ditugun emisioak kontrolatzeko.
Norbanako batek planetan duen inpaktua txikia da enpresa edo herrialde handi batek eragiten duenarekin alderatuta, hori badakigu; baina gutako bakoitzak egunerokotasunean hartzen dituen erabakiek badute eragina klima aldaketan. Hala, Environmental Research Letters aldizkariaren arabera, gutako bakoitzak lau gauza egin ditzake CO2 emisioak murrizteko:
1) Dieta begetarianoa eraman: Haragi industriaren ekoizpen erraldoiaren erruz, milioika tona gas isurtzen dira urtean atmosferara. Biztanleriak haragi kontsumoa jaitsiko balu, industria horren ekoizpena motelduko litzateke, emisioak gutxituz.
2) Hegazkinak hartzeari utzi: Gezurra badirudi ere, hegazkinek sekulako tona pila gas isurtzen dituzte atmosferara. Garraio garbiagoak egiteko lanean hasi dira hainbat konpainia, baina munduan egunero erabiltzen den hegazkin kopuruari erreparatzen badiogu, isuritako tCO2 kopurua ikaragarria da.
3) Kotxerik ez erabili: Soilik kotxe elektrikora pasata, urtean 1,15 tCO2 gutxiago isuriko genuke atmosferara. Dena den, kotxe elektrikoak, garbiagoak izanik ere, ez dute zero emisiorik, elektrizitateak baduelako eragin negatibo bat. Beraz, neurri eraginkorrena kotxerik ez erabiltzea litzateke, bestelako garraio motez ordezkatuz, esate baterako bizikleta.
4) Ume gutxiko familiak osatu: Neurri hau ez da erraza, baina geroz eta ohikoagoa da seme bat edo gehienez biko familiak ikustea. Ikerketaren arabera, haur berri bat ekartzeari uko egitean sekulako onura egiten diogu atmosferari, emisioak ia 60 tCO2 murriztuko liratekeelako.
Ondorio hauek Kanadako Columbia unibertsitateko Seth Wynes ikerlariak atera ditu. Wynesen arabera, lau neurri hauek hartuta, gutako bakoitzak 0,8 tona gas (tCO2) botatzeari utziko genioke urtean.
Klima babesteko hartu ditzakegun beste neurri batzuk
Ikerlarien arabera, neurri txikiagoan bada ere, honako ekintzek lagundu dezakete emisioak murrizten: kontsumo txikiko bonbilak erabili, arropa eskuz garbitu edota ur hotzez garbitu garbigailuan, birziklatu, auto hibridoak erabili, garraioa elkarbanatu eta energia berdea erosi.