Maurizia Aldeiturriaga, pandero jotzailea; "Aupa Maurizia!"

Maurizia Aldeiturriaga, pandero jotzailea; "Aupa Maurizia!" Historia liburuetan gizonezkoak izan ohi dira nagusi, emakume izate soilagatik askok ez baitute merezitako ospea eskuratu eta euren lan, zein borrokak anonimatu iraingarrian ahaztuak gelditu baitira. Emakume hauei merezi duten lekua eman nahi izan diegu, etorkizunean belaunaldi berrien erreferente izan daitezen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maurizia-aldeiturriaga-pandero-jotzailea-aupa-maurizia/@@download/image/AHAZTUAK_home.jpg
2019/04/30
erreportajea

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Historia liburuetan gizonezkoak izan ohi dira nagusi, emakume izate soilagatik askok ez baitute merezitako ospea eskuratu eta euren lan, zein borrokak anonimatu iraingarrian ahaztuak gelditu baitira. Emakume hauei merezi duten lekua eman nahi izan diegu, etorkizunean belaunaldi berrien erreferente izan daitezen.
Maurizia Aldeiturriaga, pandero jotzailea; "Aupa Maurizia!"

Panderoa eskutan, sekulako iraultza musikala egin zuen Maurizia Aldeiturriagak; pandero jotzailearen argazki eta irudi guztietan emakume alai eta irribarretsu bat ikusi dezakegu, beti baserritar jantziekin, perladun belarritakoak soinean eta panderoa eskuetan. Garaiko kronikek diotenez, emanaldietan "Aupa Maurizia!" bere burua agurtzen zuen, eta esaldia publikoaren memorian iltzatu zuen. Bere kabuz ikasi zuen jotzen, eta hamabi urtetatik zendu arte, plazarik plaza famatua egin zen. Maurizia ikoniko bihurtu da egun, eta besteak beste, erreportaje hau osatzeko informazio iturri moduan erabilitako Bidegileak liburuxka eskaini zion Agurtzane Intxaurragak. 

1904ko irailaren 22an jaio zen Zeberion, sei neba arrebatan gazteena, eta 1988ko maiatzaren 19an hil. Musikarako sena goiz piztu zitzaion; aita Frantziskok panderoa jotzen zuen, eta baita neba nagusiak ere. Alta, Mauriziaren lehen irakaslea osaba Kalisto izan zen. Mauriziak hari entzunez eta ekinez eman zituen lehen urratsak, bere gelan sartuta, isilka igande arratsaldeetan, amak Bilbotik ekarri zion pandero berriarekin. Lehen kolpe horiekin batera jaio zen Mauriziaren musikarekiko pasioa. 


Maurizia eta Leon, San Mames jendez gainezka Bai euskarari jaialdian (1978).

Musikak betirako elkartu zituen

Mauriziaz gorde diren testu eta aipamen guztiek nabarmentzen dute langile saiatua zela; baserritar saiatua, indartsua eta arduratsua. Hain zuzen, bederatzi urterekin hasi zen lanean, neskame moduan, garaian ohikoa zen moduan. Ondoren, Miraballesgo "Fabrica de Hilados"en ibili zen Maurizia lanean. Bere bizioetako bat kartetan jolastea zen, eta noski, erromerietan jotzea. Ibilbide musikalean bidelagunik bikainena Benantzio Bernaola Karakol izan zuen, bere senarra izango zena. 

Patuak idatzita zuen moduan, panderoa jotzen eta kopla zaharrak abesten ezagutu zuen Mauriziak Benantzio. Ezagutu zirenean, segituan ikusi zuten bikote musikal paregabea zirela; zeinek asmatuko zuen orduan bi gazteak Euskal Herri musikan izan den bikote bikainenetarikoa izango zirenik. Hamazazpi urte besterik ez zituen Mauriziak Benantzio ezagutu zuen egunean. Benantziok berak baino bat gehiago. Mauriziari Benantzioren jotzeko modu bizi eta gogorra gustatu eta elkarrekin jotzen hasteko proposamena egin zion. Modu horretan, plazarik plaza ibiliz, kopla zahar, pandero eta soinuaren musikak beste era bateko soinu batzuk ere astindu zituen: bihotzarenak. Senar-emaztegai gisa zazpi urte eman eta gero, 1927ko azaroaren 5ean ezkondu ziren. Bikoteak seme bat izan zuen.


Benantzio Karakol eta Maurizia senar-emazteak

Garai gogorrak

Maurizia zerbait bazen, indarra zen; bizitza ez zen erraza izan musikariarentzat, eta horrek ere, asko eragin zuen bere jotzeko moduan. 1937an gerratik ihesi Zeberioko Egia auzora itzuli ziren, eta segituan Santanderrera egin zuten ihes; handik gutxira harrapatu zuten Benantzio, Frantziara joan nahian, eta hiru urteko espetxealdia ezarri zioten: Santoñan bertan, Dueson, Cadizen, Cela Novan. Garai gogorrak izan ziren Mauriziarentzat. Okerrenak, hala ere, senarrak eraman zituen. Santoñako espetxera bisita egiten zionean, Maurizia ikaratuta itzuli zen etxera. Ehun eta hogei kilotik gora zen gizona, berrogei eta hamazortzi kilorekin aurkitu zuen. Gerraostea, ere, ez zen erraza izan; Benantziori adibidez, ez zioten hasieran behintzat, «Vasconia» fabrikan zuen lanpostura itzultzen utzi.

Taula gainera bueltan

Gerrak, noski, plazarik plaza ibiltze hori eten egin zuen, baina laster hasi zen Maurizia ostera ere Dimara Pazkoatan, Laudiora Santa Luziatan eta abar. Benantzio eta Maurizia bikoteari Leon Bilbao alboka jotzailea batu zitzaien garaia zen hura. Benantzio 1978ko urtarrilaren 25ean hil zen, baina lehenagotik utzia zuen soinua, osasun arazoak tarteko. Hala, Mauriziak, Leonek eta Fasio Aradia trikitilariak hirukote aparta osatu zuten. Fasio zendu ostean, aldiz, Basilio Undagoitia soinujole, pandereteru eta trikitilariak jarraitu zuen Maurizia eta Leonekin.


Maurizia, Bonifazio eta Leon.

Tarte horretan, ospetsua bihurtu zen Mauriziaren ahotsa; sekulako jokoak egiten baitzituen. Berez ahots grabea zuen, sendoa eta basatia, eta behetik kantatzen hasten bazen ere, goitik amaitzea gustatzen zitzaion, oktaba bat igo eta abestia goitik errematatuz. Ruper Ordorikaren hitzetan: "Mauriziak alboka bezala egiten zuen kantuan edo, agian, Leonen albokak egingo zuen Mauriziaren ahotsaren moduan". 

Panderoaren erritua

Garaiko kronika eta irudiek ere Mauriziaren beste bitxikerietako bat utzi digute; saio bakoitzaren aurretik, egunkari zahar batzuk erre eta panderoa sutara hurbiltzen zuen, larrua bero egon zedin. Gainera, ardura handiz hartzen zuen bere zeregina: taxia edo autoa bere bila etorri baino ordu bi lehenago hasten zen emanaldirako prestatzen. Askotan ekitaldi bi izaten zituen arratsalde batean.


Panderoaren erritua.

Mauriziak dena ematen zuen panderoaren astindu bakoitzean, eta bere «aupekin» dantza egitera hurbiltzen zen jendearekin bat egiten zuen. Euskal musikarientzat erreferente bilakatu zen, eta besteak beste, Hertzainak taldeko Josu Zabalak Maurizia eta Leonengandik ikasi zuela aipatu izan du: “Jende gutxik jakin du dakiena hain modu naturalean erakusten. Euskal rockarentzat Maurizia beste garai bateko punkirik punkiena zen; Sid Viciusen aurrean Maurizia erregina bat, askoz koherenteagoa bere ibilbidean”. Miresle sutsua zuen Fermin Muguruza ere. Horren lekuko, 1985ean Kortaturen debut lanean bere ahotsa sartu izana, “Tolosa inauteriak” kantuan. Aupa Maurizia!

Artolak deuko, Artolak deuko,

Artolak deuko famea,

beria dauela, beria dauela

mundu guztiko jentea (bis)

Aupa!

Goizian Parisen, gauean Parisen,

Parisgo kallean luzea,

axe kallea akabeu ezkero

Atzeko zaldie neurea (bis)

Aupa!