Analogikoak gara

Esku artean duzuna papera da. Izan kontziente; hartu segundu batzuk azaleko tapa gogorrak laztantzeko; igarri barruko orrialdeen testura eta gramajea. Usaina. Orrialdeak pasatzearen soinua eta aurpegian ematen dizun haize leuna. Begiratu alboko irudia une batez eta itzuli testura.

Ze teknika erabiliko zuen ilustratzaileak? Eskuz eginda dirudi, baina ziurrenik digitala izango da... Atzamar punta tximinoarenaren gainean jarrita, konexio bat sortzen delaren sentsazioa izan duzu? Segundu batzuz arretaz begiratuta liburuaren orrialdeak milaka kubo txikiz osatutako hodei batean desintegratzen direla ikusi al duzu? Nik bai.

Digitalizazioaren garaian dena kontrolatu daiteke: neurriak, distantzia zehatzak, soinu ondak, karaktere kopurua... eta horrek segurtasuna ematen digu; hanka sartuz gero, parametro txiki bat aldatuta konpondu dezakegu.

Papera oinarrizkoagoa eta arriskutsuagoa da, ausarta. Malenkoniotsu eta nostalgikoentzako formatu egokia, diote batzuek. Dokumentu digitalek berrikuntza adierazten dute eta paperak ordea, tradizioa, erromantizismoa.

Etorkizuna digitala omen da baina gure sentimenduak eta oroitzapenak analogikoak dira. Erritualez betetako bizitza garatu dugu eta horiei lotutako sentsazio guztiak ere. Pantaila aurrean formatu guztiek berdinak dirudite: mp3, jpg, ePUB, html...

Ze formatua dute zure txoko sekretuan gordeta dituzun oroigarriek?

Papera ez dadila desagertu, komunekoa bakarrik geratzen bada ere.