BALIOAK EZ DU BALIO

BALIOAK EZ DU BALIO https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2017/01/12
umore-tira

180.zenbakia
BALIOAK EZ DU BALIO
Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ez da nahikoa ideia edo proiektu on bat esku artean izatearekin. Ez da nahikoa zure publiko xedearen beharrak asetzeko tresnak eukitzea, ezta erakundeek ahaztutako hutsunea  betetzeko prestutasuna izatea. Ez da nahikoa zure lana maitatzea, ezta eguneko 24 orduak luzatzeko gaitasun majikoa bereganatzen ikasi izana. Izan argi, litekeena da lerro hauek irakurri orduko zure lana, zure denbora eta zure profesionaltasuna debaluaturik egotea.

Kultura borondatea da, lantzen duenaren berezko dohaina. Horregatik nonahi eta noiznahi dohain(ik) eskaintzeko prest egon beharko duzu. Txiripaz zure proiektuan itsuki sinistu eta finantziatzeko aukera eskaintzen dizun zoro erromantikoren bat bidean topatzen ez baduzu, ezegonkortasuna, estutasuna eta gutxiespena izango dituzu bidelagun.

Zeure buruaren balioa justifikatu beharraren borroka etengabean, zu bezalako beste ausart batzuekin egingo duzu topo, ‘goikoek’ hartutako erabakien inkoherentziaren biktima bat gehiago. Momentu batez, indartsuago sentituko zara, amorruz piztutako suak urdailetik gora egingo dizu. Zainetatik barrena, erregai bizigarri batek, aurrera egiteko behar duzun energiaz hornitu zaitu, bidegabekerien kontrako aldarrikapenek agortu arte.

Eta ekaitzaren ostean dator barea; ala alderantziz ote zen? Berdin du. Barealdian zein giro trumoitsuan, batzuek ixil-ixilean desagertzeko erabakia hartu eta beste batzuk positibismoaren banderaz, beste ahalegin bat egiteko prest azaldu dira.

Haize zakarrak norabide aldaketa izango du beste behin, olatuek gainezka egingo digute askotan eta hilabete batzuetako gezurrezko barealdiak tsunamia ekarriko digularen susmoa izango dugu egunero. Giro nahasi horren menpekotasunean txalupak proiektu txiki eta bereziak eramango ditu. 

2017a hasi baino ez da egin eta dagoeneko itotako batzuk utzi ditugu bidean.

Eskerrik asko letra handiz AGUR esan zein borrokan jarraitzen duzuenoi.